Parke naturala eta herria
Gipuzkoako ondare monumental aberatsa eta Euskadiko inguru natural ederrenetarikoa.
OÑATI
Balio arkitektoniko handiko eraikin, jauregi eta eliza nabarien artean eta mendi zein zelai berdez inguraturik, Oñati dago, Gipuzkoako hedadura handieneko udalerria eta Arantzazuko santutegiari esker, ezagunenetarikoa.
Erdigune historikoa Monumentu Multzotzat sailkatu da eta bertan aurki dezakegu 1543an eraikitako Euskal Herriko lehen unibertsitatea, Sancti Spiritus Unibertsitatea, euskal Errenazimenduko harribitxi bat. Hirigunetik 9 kilometrotara, Aizkorri-Aratz parke naturalaren azpian, Arantzazuko Santutegia dago. 50eko hamarkadan eraikitako basilika hau, arte abangoardistaren erakusle da.
Bere natura-inguruan Aizkorri-Aratz mendilerroa dago, tontor garaienetarikoek osatua, hala nola Aitxuri (1.551 m) eta Aizkorri (1.523 m). Hauek beste mendi batzuekin batera, mendigune galanta eta ederra osatzen dute, euskal mendizaleentzat erreferente izanik. Erreferentzia mitologikoz, arkeologia-aztarnategiz, trikuharriz, aspaldiko haitzuloz eta antzinako erromatarren galtzadez beteriko bazter aparta da.
MURGIALDAI HISTORIA
Murgialdai baserria Oñatiko Murgia auzoan dago, natura-gune eder batean, Aloña mendian hasten den Ubao errekak inguraturik eta pagadi zein haritzez beteriko basoek zeharkaturik. Ingurune honen lehen idatzizko erreferentziak 1149koak dira eta baserriaren existentziaren inguruko erreferentzia zaharrena berriz, 1489koa. Baserriaren toponimoak mendi-hegaleko lepoa esan gura omen du.
Denboran zehar gure baserriak askotariko jarduera ekonomikoak izan ditu, honi nortasun berezia emanez. Oinetxea izatetik eliza katolikoarekin lotura izatera, modu autarkikoan bizi ahal izateko beharrezkoak diren lehengaiak ekoitziz. Mahastiaridagokionez, dokumentu desberdinen arabera, familiaren autokontsumorako landatzen zuten 1850etik gutxienez. Esne-behien hazkuntza ere baserriaren abeltzaintza-historiaren zati nabarmena da, 80ko eta 90eko hamarkadatik 2000ko hamarkadara izandako jardueraren produkzio etekinak erakutsi zuen bezala.